Hartz ipuinlaria

Ongi etorri Nabar-en etxera. Nabar hartz ipuinlariaren webgunea duzu hau. Hemen topatuko duzu hartzakumea eta berak kontatzen dituen ipuinak, eta hemendik bertatik jaitsi ahalko dituzu ipuinok. Nabar-ek, oraingoz, zazpi hizkuntzatan kontatzen ditu ipuinok, eta halaxe dauka etxea ere, zazpi hizkuntzatan eraikia.

Ipuinak irakurri ere hemen egin ahalko duzu, eta baita testua zeure etxera eraman ere, Nabar-ek kontatzen dizun bitartean zuk zure haurrekin batera irakurri ahal izateko.

Nabar ez daukazula oraindik? Webgune honetan erosi ahalko duzu, modu erraz batean, eta 5-10 eguneko epean etxean izango duzu.

Zatoz Nabar-en lagun egitera!

Nabar

Euskal Herriko mendi gorenetan, Pirinioetan, azaldu zen Nabar. Azaldu.

Non sortu zen? Ez dakigu.

Nondik heldu zen? Hori badakigu: urrundik.

Urrundik, hartz ttipia?

Urrundik heldu zen, bai, mundu osoko ipuinak dakizkielako. Urrundik hona heldu ziren hartz zaharrei ikasitako kontuak.

Heldutasun hori dauka, eta nahikoa du: ez du gehiago hazi nahi.

Nabar, ttipi eta azkar: hizketan daki, ipuinlaria da, ipuinak kontatzen ditu.

Nabar eta bakar: zazpi mintzairatan daki hizketan.

Nabar: gure hartz ttipia, gure kontalari handia. Munduko bazter guztietako ipuinak kontatzen dizkigu euskaraz, okzitanieraz, aragoieraz, katalanez, gaztelaniaz, frantsesez, ingelesez.

Nabar, aho eta atzapar: eskua sakatu eta ipuin kontari hasiko zaizu.

Nabar eta ez zakar. Nola izanen da zakarra eztia maite duena?

Nabar gozo berritsu, kontu asko dakizu!

 

hau da gure Nabar

hau da gure hartza

hartza? hau ikara!

hautsi da kikara!

 

hau da gure Nabar

hau da gure hartza

hartz ttipi maratza!

zer dakar? zer dakar?

 

hau da gure Nabar

hau da gure hartza

zer dakar, zer dakar?

ipuinak dakartza!

 

ipuinak dakartza

gozo eta garratz

erdaraz, euskaraz

hau da gure hartza!

 

hau da gure hartza

mendi-mundutarra

sakatu atzaparra

ipuinak dakartza!

 

hau da gure Nabar

hau da gure hartza

zer dakar? zer dakar?

ipuinak dakartza!

 

Creative Commons Lizentzia