Elizen arteko
BIBLIA
Lapurtarrez
Bila PASARTEA     Bila HITZA
Pasartea:   

Ikusteremua zabaldu

1 Samuel: Sarrera

1 Samuel : Sarrera 1 2 3 4 5 6 7 8 9 10 11 12 13 14 15 16 17 18 19 20 21 22 23 24 25 26 27 28 29 30 31

SAMUEL
LIBURUAK
SARRERA
Idazlea eta ingurugiro historikoa
Bi liburu hauetako eragile handienetarik bat Samuel da, eta hunek monarkiaren hastapenarekin zerikusi handia ukan zuen. Liburu hauen egilea, ordea, ez zen Samuel izan. 1 Kro 29,29an erraiten dena gaizki ulerturik eta Samuel profetak idatziak zirela uste ukanik eman zitzaioten Samuel izena.
Israel herriaren historiako une garrantzitsuenetarik bat erakusten dute liburu hauek, orduko gertakariez sortu zenbait tradizione desberdin bilduz: Dt, Jos, Ep, Sm eta Erg liburuetan barna luzatzen den historiaren harian. Liburu hauen arabera, urte heietan ardietsi zuten Israelgo leinu guziek, lehen aldikotz, batasun erlisio eta politikoa Sion mendian den eta «Daviden Hiria» deituko zuten Jerusalemen inguruan; monarkia ere urte heietan sortu zen israeldarren artean, bai eta profetismoa eta tenpluko kultua ere.
K.a. XII-XI. mendeetan, epaileak (buruzagiak) eman ziozkan Jainkoak Israel herriari unerik larrienetan. Filistearren erasoen beldurrez bizi ziren israeldarrak. Halako batean, filistearrak elkargo-kutxaz jabetu ere ziren. Orduan, haurtzarotik Jainkoak deitua zen Samuel gertatu zen israeldarren buruzagi erlisio eta politikoa (1 Sm 1–7).
1 Sm 7,15-17an eta 8,1-3an ageri denaz, ordea, Samuel eta haren semeak izan ziren azken epaileak (buruzagiak). Erregea behar zutela Samueli erranik, monarkia eratu zuten israeldarrek, Saul errege izendatuz. Epaileen garaian hegoaldeko (Judako) eta iparraldeko (Israelgo) leinuek bilatu zuten bateratze hura, Saulen garaian ardietsi omen zuten. Horrengatik, egokiago izanen zen Ep eta Sm liburuen arteko banaketa 1 Sm 12an egin izan balitz, zeren eta epaileen garaitik monarkiarat pasatzea nola izan zen adiarazteko idatzi baitzuen idazle deuteronomistak pasarte hori.
Saul hiltzean, Judaren leinukoek, hegoaldekoek, David izendatu zuten errege Hebronen (2 Sm 2,4). Zazpi urteren buruan, iparraldeko leinuek (israeldarrek) ere erregetzat onartuko zuten (2 Sm 5,1-5), leinu guzien errege eginez. Jerusalem hiria eskuraturik, erresumaren hiriburu egin zuen Davidek eta elkargo-kutxa harat ereman.
Samuel izeneko bi liburu hauetan, beraz, mende batez gertatu historia biltzen da:
–K.a. 1.070 inguruan Samuelen sortzea;
–K.a. 1.030 inguruan Saul errege izendatzea;
–K.a. 1.010 inguruan Saul guduan hil eta David errege izendatzea;
–K.a. 970 inguruan Daviden heriotzea.
Ezaugarri nagusiak
Bi liburu hauek, jatorriz, liburu bakarra ziren hebrearrezko Biblian, Lehengo Profetak izeneko liburu-sailean sartuak, Jos, Ep eta Erg liburuekin batean. Geroago, grekorat itzultzean, Samuel liburua bitan banatu zuten, pergamino zerrenda luzeegia zelakotz eta erabiltzeko zailegia. Hebrearrezko Bibliak ere onartu zuen banaketa hura.
Samuel izeneko bi liburu hauek erbestaldiaren garaian, K.a. VI. mendean, gelditu ziren osoki idatzirik. Bainan, lehendik, Salomonen erregealdiaz geroztik, idatziak ziren zenbait bildumez eta ahozko tradizionez baliatu ziren idazle deuteronomistak beren lanaren egiteko.
Samuel liburuetako zenbait kondakizun gertakarien garaian idatziak izan daitezke, monarkiaren lehen urteetan (K.a. IX. mendean). Adib.:
–Elkargo-kutxaren historia (1 Sm 4–6; 2 Sm 6).
–Saul erregearen aldeko tradizioneak (1 Sm 9,1–10,16; 13–14; 31).
–David errege-alkirat igaitea (1 Sm 16,14tik 2 Sm 5,25era; 2 Sm 8,1-18).
–Natanen profeziaren hasierako edukia (2 Sm 7).
–Daviden ondokoak (2 Sm 9–20).
Gero, K.a. VIII. mendean, profeta-taldeetan sortu beste zenbait kondakizun eta interpretazione erantsi zioten liburuari. Adib.:
–Samuelen haurtzaroari buruzko tradizioneak (1 Sm 1–3);
–Jainkoak Saul baztertzea (1 Sm 13, 7b-15a; 15);
–Daviden gantzutzea (1 Sm 16,1-13);
–David eta Goliaten arteko borroka (1 Sm 17);
–Endorko emazte aztiari buruzko kondakizuna (1 Sm 28).
Azkenik, idazle deuteronomistek eman zieten liburu haueri azken hunkia K.a. VI. mendean. Ikerlariek diotenaz, heiek erantsiak dira pasarte hauek:
–Erregeen kontrako tradizionea (1 Sm 8; 10,17-27; 12);
–Eli apezaren semeen jokamolde gaixtoa eta zigorra (1 Sm 2,22-36);
–Israeldarren bihozberritzea eta Samuelen garaipena (1 Sm 7);
–Natanen profeziaren berridaztea (2 Sm 7);
–Kronologiari buruzko xehetasunak (1 Sm 4,18; 2 Sm 2,10-11; 5,4-5).
Aipatu ditugun pasarte horietaz bestalde, badira geroago liburuan sartu beste zenbait pasarte ere. Adib.: Daviden bi eresi edo nigar-kantak (2 Sm 1,19-27; 3,33-34); bi salmo (1 Sm 2,1-10; 2 Sm 22); orakulua (2 Sm 23,1-7). Zenbait zati, berriz, dokumentu ofizialetarik hartuak dira. Adib.: Daviden seme-alaben zerrendak (2 Sm 3,2-5; 5,13-16); gorteko funtzionarioen zerrendak (2 Sm 8,16-18; 20,23-26); Daviden gudari ausarten zerrenda (2 Sm 23,8-39); herriaren zenbatzea, eta Araunaren larrainaren erostea (2 Sm 24).
Beraz, hunela sailka daitezke Samuel izeneko bi liburu hauek:
1. SAMUELEN HISTORIA (1 Sm 1–7).
1.1. Samuelen sortzea eta deia (1 Sm 1–3).
1.2. Elkargo-kutxaren historia (1 Sm 4–6).
1.3. Samuel, israeldarren epaile (buruzagi) (1 Sm 7).
2. SAMUEL ETA SAUL (1 Sm 8–15).
2.1. Monarkiaren antolatzea (1 Sm 8–12).
2.2. Saulen erregealdiaren hasiera (1 Sm 13–15).
3. SAUL ETA DAVID (1 Sm 162 Sm 1).
4. DAVID ERREGEA (2 Sm 2–8).
4.1. David goiti (2 Sm 2,1–5,5).
4.2. Daviden handitasuna (2 Sm 5,6–8,18).
5. DAVIDEN ONDOKOAK (2 Sm 9–20).
6. ERANSKINAK (2 Sm 21–24).
Bestalde, konduan hartu behar da bi liburu hauetan aurkituko dugun historia «teologikoa» dela, hots, fedearen eraginez idatzia, irakurleak eta entzuleak Jainkoarenganako bere fedea haz eta sendo dezan.
Jainkoa zuen Israelek errege bakarra (Ep 8,22-23; 1 Sm 12,12) K.a. X. mende arte. Gizon bat errege izendatuz, israeldarrek Jainkoa arbuiatzen zutela iduri zuen, eta Jainkoaren baitan baino fidantzia handiagoa zutela beren zaldi eta gudu-karroetan (Sal 20,8). Sekularizatze-olde horri gogor egiteko agertu ziren profetak, herriaren bizia, erakundeak eta erregea bera ere Jainkoak gidatuak zirela oroitaraziz.
Jainkoak hautatuak eta sagaratuak (gantzutuak) ziren erregeak, lehenbiziko hirurak bederen. «Jainkoaren zerbitzari» eta «Jainkoaren seme» ere erraiten zitzaioten. Eta Davidekin «betiereko elkargoa» egin zuen Jainkoak, haren ondokoek beti iraunen zutela hitzemanez.
SAMUEL
LEHEN LIBURUA
SARRERA
Erran bezala, Israel herriaren historian gertatu aldaketa handi baten berri emaiten dauku Samuel Lehen Liburu hunek: Epaileen (buruzagien) garaia bururatu eta erregeen garaia, monarkia hasi zenekoa.
Haurdanik Jainkoak deitua zuen Samuelen buruzagialdia kondatuz hasten da liburua. Samuel zahartu zelarik, erregea izendatzeko eskatu zioten israeldarrek. Beste herriek bezala, israeldarrek ere erregea ukaiteak, Jaunak bere herriaren gain zuen nagusitasuna gutiesteko hirriskua zekarren. Samuelek herria ohartarazi zuen hortaz, bainan, azkenean, Jaunak hala manaturik, erregea gantzutu eta izendatu zion: Saul, 1030 inguruan (1 Sm 8–10).
Kuraia handiz borrokatu ohi zen Saul israeldarren etsaien kontra, bainan laster epeldu zitzaion Jaunaren alderateko leialtasuna. Orduan, David hautatu zuen Jaunak Saulen ordez errege izaiteko, eta handik harat ez zituen gerizan hartu Saul eta haren ondokoak (11–15 kap.ak).
David, gazte zelarik, Saul erregearen laguntzaile izan zen. Biziki leial eta trebe zelakotz, askoren onespena bereganatu zuen, bereziki Saulen seme Jonatanena. Saulek, ordea, bekaizgoz behatzen zion eta susmo gaixtoa hartzen; horrengatik, David hiltzea erabaki zuen. Davidek ihes egin behar ukan zuen. Liburu hunen azken kapituluek David ihes zabilaneko gorabehera bihurriak eta Saulen gainbeherakada kondatzen dauzkigute. Saul eta haren seme Jonatan Gilboa mendian 1010 inguruan filistearrek nola hil zituzten kondatuz (31. kap.) bururatzen da lehen liburu hau.
Zatiak
–Samuelen historia (1,1–7,17).
–Saul, lehen erregea (8,1–15,35).
–Saul eta David (16,1–31,13).