eu | es
Hasiera » II. liburukia » 2. Izenak

 

2. Izenak

425. ECEIZA, MARIA

      Beizamarra zen eta Azpeitian bizi zen Maria. Juan, Alejandro eta gerrako frontean hildako Moises Campos Eceiza milizianoen ama zen. Horregatik erbesteratu zuten sorterritik.

426. ECENARRO URIBE, ANGEL

      Donostian jaio eta Azpeitian bizi zen. Inprimatzailea zen lanbidez. 1944an Lleidako espetxean sartu zuten preso, eta gero, urte horretako abenduaren 15ean, «Enaleko Dibisioen Taldeko Estatu Nagusiaren» mende jarri zuten. 29 urteko espetxealdira zigortu zuten, eta hainbat espetxetatik pasatu zen 1952ko uztailean baldintzapeko askatasuna eman zioten arte. Ez dakigu zer delitugatik zigortu zuten.

430. ECHANIZ ARRIZABALAGA, ANDRES

      Azpeitian jaio zen 1891n. Enpresaburua. 1931ko apirilaren 17an eratutako Udalbatzako kidea zen.

431. ECHANIZ ARRIZABALAGA, CASIANA

      1888an jaio zen Azpeitian. Lau seme-alaba adingabeekin batera bota zuten Casiana Azpeititik 1937ko otsailean, Emilio Gomez del Villar komandante militarraren aginduz. Aurretik, 1936ko urrian, Azpeitiko Junta de Guerra Carlista delakoak 500 pta-ko isuna jarria zion. Nafarroako Ollakarizketa herrira joan ziren, familiako bat bizi zen herrira, hain zuzen ere. Astebetez egon zen Carmen herri hartan. Luis eta Carmelo, berriz, bi astez, eta Casiana eta seme gazteena, Imanol, hilabetez. Bitartean, Casianaren senarra, Carmelo, eta seme zaharrena, Jose, erbestera joan ziren. Filipinetan amaitu zuten azkenean. Antoniok langileen batailoi batean bukatu zuen gatibu, Loyola batailoiarekin borrokan ibili ondoren.

432. ECHANIZ ARRIZABALAGA, MANUEL

      Azpeitian bizi zen. Ebanista zen ogibidez. Dámaso Azcue SL enpresako langilea zen. 1933ko udal-hauteskundeetan hautagai errepublikanoa izan zen, baina ez zuen ordezkaritzarik lortu. Izquierda Republicanako militantea zen, eta 1936an erakunde politiko horretako diruzaina izan zen.

433. ECHANIZ ARTECHE, IGNACIO

      1912an jaio zen. Azpeitian bizi zen. Irrintzi batailoiko gudaria zen.

434. ECHANIZ AZPIAZU, JOSE FRANCISCO «ASTAPATXIKO»

      1894an Azkoitian jaio eta bertan bizi zen. ELAko afiliatua. Urrestillako hilerritik gertu harrapatu eta fusilatu egin zuten 1936ko azaroaren 1ean.

435. ECHANIZ GAZCUE, FRANCISCO ANDRES

      Azpeitian jaio zen 1915ean eta Arzubian bizi zen. Gidaria zen lanbidez. Altxatutakoek mobilizatu eta San Ignacio tertzioan sartu zen txapel gorrien graduazioarekin.

436. ECHANIZ GURRUCHAGA, RAMON

      Ekintza Katolikoaren Gazte Sekzioko kontseilaria zen 1940an.

437. ECHANIZ IRIARTE, JOSE MARIA

      Urrestillan bizi zen. Altxatutakoek soldadualdiko soldadu gisa mobilizatu zuten. Gerra-frontean hil zen 1939ko apirilaren 2an.

438. ECHANIZ LARRAÑAGA, VICENTE

      1916an Azpeitia jaioa zen eta han bizi zen. Azpeitiko Udalak 1940an sortutako dokumentazioaren arabera, Donostiako soldadugaien zerrendak eskatutako informazioari dagokionez, Vicente «aurkaritzat» zuten tokiko agintaritzek. Era berean, 1937ko soldadualdiko azpeitiar honek «bi armadetan zerbitzua eman zuela» esaten zuten. Hain zuzen ere Eusko Gudarostean egindako ekintzengatik Vicenteren aurka urgentziazko prozedura sumarisimoa ireki zen 1939an, nahiz eta 1939ko irailaren 26an Gerra Ikuskaritzak gerra-kontseiluaren akordioa kontuan hartu eta auzia artxibatzea erabaki zuen.

439. ECHANIZ MENDIZABAL, MODESTO

      Azpeitian bizi zen. Azpeitiko Komandantzian sartu zen gudari.

427. ECHANIZ, FELICIANO

      Azpeitiko Santutegiko apaiza. Altxatuek errepresaliatu zuten. Andoainera eraman zuten.

428. ECHANIZ, JOSE MARIA

      Nuarbeko Zuaneta baserrikoa. Espartingilea zen lanbidez. Loyola batailoiko gudaria.

429. ECHANIZ, MARCELO

      Azpeitian bizi zen. Azpeitiko Komandantzian sartu zen gudari, sukaldari lanetan. Gero, Lenago-il batailoi nazionalistako gudari izan zen.

440. ECHAVARRI CASTELL-RUIZ, JESUS

      Jatorriz Azagrakoa (Nafarroa) eta lanbidez telegrafista zen. 1933ko urtarrilaren 25ean Azpeitiko Batzorde Kudeatzailearen presidente-alkate izendatu zuten, eta kargu hori izan zuen maiatzera arte, «Azpeitian bizi zen adin gutxieneko funtzionarioa» izateagatik. Gerra Zibila hasi zenean, badirudi hainbat frontetan aritu zela telegrafista, kapitan kategoriarekin, Kantabrian atxilotu zuten arte.

      1937ko irailaren hasieran gerra-kontseiluan epaitu zuten. Auzi bererako bi epai daude, bat 1937ko irailaren 30eko datarekin eta bestea urte bereko urriaren 28koarekin. Lehen epaiaren arabera, Jesús «eskuindarra» izateagatik jazarri zuten, «gorrien armada»rekin bat egitera behartu zuten eta «Causa delakoaren abiadoreek frontean bota zituzten aldarriak irakurrarazi zizkioten... fronte gorritik ihes egin zuen eta lerro nazionaletara pasatu zen». Urriko epaian, aldiz, adierazitako azken kasuari ezikusi egiten zaio, eta Jesús «ideia ezkertiarrekoa» zela esaten da. Edozein kasutan, bi idatzietan auzipetuari 12 urte eta egun 1eko espetxe-zigorra jarri zitzaion.

441. ECHEVARRIA, JULIAN

      Azpeitian bizi zen. 1937ko ekainaren 18an altxatutako armadara sartu zen bere borondatez.

448. ECHEVERRIA AIZPURU, JOXEPA

      Urrestildarra jaiotzez eta Nuarbeko (Beizama) bizilaguna, Joxepa, bere lau seme-alabekin batera etxea uztera behartu zuten, bere senarra gerrako frentean aurkitzen zelako. Hilabetez Nafarroako Betelu herrian babes hartu eta gero, indultua komunikatu ondoren Beizamara itzuli ziren.

447. ECHEVERRIA AIZPURU, MIGUEL

      Azpeitian bizi zen. Urolako trenetako langilea. Zentraleko laguntzailea. 1936ko irailaren 20an kaleratu zuten.

449. ECHEVERRIA ALDALUR, VICTOR

      Azpeitian bizi zen. Azpeitiko azokako administratzailea gutxienez 1931tik. Tradizionalisten aldekoa zen. Udalerrian altxatutako tropak sartu ostean lanean aritu zen funtzionario gisa.

450. ECHEVERRIA ALTAMIRA, IGNACIO

      Azpeitian jaioa zen eta han bizi zen. Militarra zen lanbidez. ELAko afiliatua zen errepublika-garaian. CEDAko kidea. 1936ko irailean Falangeko tokiko arduraduna zen, eta gero Hilario Bereciartuak ordezkatu zuen. Altxatuek atzemandako eta gerra-kontseiluetan epaitutako azpeitiar batzuen aurkako zenbait epaiketatan deklaratzailea izan zen. Azpeitiko alkatea zen 1952an.

451. ECHEVERRIA ALTAMIRA, JUAN JOSE

      1919an jaio eta Azpeitian bizi zen. Altxatutako armadan bere borondatez sartu zen.

452. ECHEVERRIA ALTAMIRA, ROSARIO

      Azpeitian jaioa zen eta han bizi zen. Erreketeen emakumezkoen Margaritas ataleko kidea zen. Azpeitiko Defentsa Batzordeak hala aginduta, hiru egunez bere etxean atxikita egon zen 1936ko abuztuan. 1937ko uztailean, Margaritas taldeko beste bi kiderekin batera, salaketa jarri zuen Arrieta Zubimendi ahizpen aurka Batzordearen alde egindako hustezko jarduera zela eta.

453. ECHEVERRIA ARAMENDI, ELEUTERIO

      Urrestillakoa, Eleuterio 1938 erdialdera gerra-kontseiluan epaitu zuten ustezko «matxinada militarraren» delituagatik. 1913an jaiotako gazte honen instrukzio-prozesuan ageri denaren arabera zaintzaldi armatuak egin zituen Azpeitian, eta Zuazola jauregiaren erregistroan parte hartu zuen, han tartean zeudenek «lorategiko frutak hartu zituztelarik». Era berean, Eleuteriok ideia nazionalistak zituela jartzen du, eta behin Pasaiatik sei litro inguruko ardo-garrafoi bat ekarri zuela, «etxean gorde zuen Indar Nazionalak sartu arte, eta marxistek gertaera hargatik zigortu egin zuten». Hori dela eta, «etsaien indarretan» miliziano ez zela ibili agerian geratu zenez, 1938ko urriaren 29an absolbitu egin zuten, prebentziozko espetxealdian pasatutako denborarekin «gertakariak nahikoa zigortuta» zeudela uste izan zutelako.

454. ECHEVERRIA ARAMENDI, JOSE MARIA

      Eleuterio baino hiru urte gazteagoa, José María UGTn afiliatuta egon zen errepublika-garaian. Ziurrenik gerora Eusko Gudarosteko batailoiren batean erroldatuta egongo zen gerrako frontean 1937 erdialdean atxilotu zuten arte. 1937ko abenduaren 7an epaitu zuten gerra-kontseiluan, eta heriotza-zigorraren kondena jarri zioten ustezko «matxinadarekin bat egitea»ren delituagatik. Kondena-epaiaren arabera, Azpeitian egindako zaintzaldi armatuetan, atxiloketetan eta konfiskatzeetan parte hartu zuen, eta ez da aipatzen 1936ko irailaren 20an Azpeitia erori osteko jarduerarik.

      Dena den, Gerra Ikuskaritzak 1938ko martxoaren 25ean baliogabetu egin zuen kondena, eta beste prozedura sumarisimo bat irekitzeko agindu zuen. Bitartean, José Maríak preso jarraitu zuen Burgoseko espetxe nagusian 1938ko uztailaren 26 eta 1939ko abenduaren 26 bitartean. Azken data horretan Bilbora eraman zuten, epaiketa berria zela eta. 1940ko otsailaren 21ean auzia itxi eta José María behin betiko aske utzi zuten.

455. ECHEVERRIA ARCELUS, MODESTO

      1920an Azpeitian jaio eta udalerrian bizi zen. Inprimatzailea zen lanbidez. Altxatutakoek mobilizatu eta San Ignacio tertzioan sartu zen txapel gorrien graduazioarekin. Otxandioko gerra-frontean hil zen 1937ko apirilaren 2an.

456. ECHEVERRIA ARCELUS, PASCUAL

      1910ean Azpeitian jaio eta udalerrian bizi zen. Jostuna zen lanbidez. Altxatutakoek mobilizatu eta San Ignacio tertzioan sartu zen errekete graduazioarekin.

457. ECHEVERRIA ARZUAGA GASPAR

      1910ean Azpeitian jaio eta udalerrian bizi zen. Bernizatzailea zen lanbidez. Altxatutakoek mobilizatu eta San Ignacio tertzioan sartu zen errekete graduazioarekin. San Blaseko (Teruel) gerra-frontean hil zen 1938ko urtarrilaren 6an.

458. ECHEVERRIA ARZUAGA, IGNACIO

      Azpeitian jaio eta udalerrian bizi zen. Altxatutakoek mobilizatu eta San Ignacio tertzioan sartu zen errekete graduazioarekin. San Blaseko (Teruel) gerra-frontean hil zen 1938ko urtarrilaren 6an.

459. ECHEVERRIA ECHANIZ, MARTIN

      1912an jaio zen. Nuarbe auzoko Kokostorzu baserrikoa zen. Altxatutakoek soldadualdiko soldadu gisa mobilizatu zuten. Mungiako gerra-frontean hil zen 1937ko maiatzaren 23an.

460. ECHEVERRIA EIZAGUIRRE, JOSE MARIA

      1915ean jaio zen. Azpeitian bizi zen, eta gero, Zarautzen. UGTn afiliatuta zegoen. Gipuzkoako MAOC batailoi komunistako milizianoa zen.

461. ECHEVERRIA GARATE, DIONISIO

      1917an Azpeitian jaio eta udalerrian bizi zen. Altxatutakoek mobilizatu eta San Ignacio tertzioan sartu zen txapel gorrien graduazioarekin. 1937ko martxoaren 21ean altxatutako armada erregularrera sartu zen.

462. ECHEVERRIA GARATE, MANUEL

      Azpeitian bizi zen. Manuel igeltseroa zen lanbidez, eta errepublika-garaian hainbat lan egin zituen udalerako, esaterako, udal-eraikinak zuritzea 1935eko irailean. Handik urtebetera, altxatutako tropak sartzear zeudenez, Manuelek Bizkaira ihes egin zuen, eta gero Eusko Gudarostean erroldatu zen. 1937ko abuztuan Santoñan harrapatu zuten «Indar Nazionalek, eta aske utzi zuten soldadu gisa 1929ko itsas gorputzean aurkez zedin».

      Dena den, 1938an urgentziazko prozedura sumarisimoa ireki zuten Manuelen aurka; borrokalari aritu izanaz gain, aurretik Azpeitian egindakoak ere leporatzen zizkioten. Zehazki, beste azpeitiar batzuekin batera Oinatz auzora joan izana leporatzen zioten «bando nazionalera zein baserritar pasatu zen egiaztatzera»; dena den, Manuelen alde «ohitura onak» zituen pertsona zela adierazi zuten.

      Edonola ere, 1938ko azaroaren 4ean, urtebeteko espetxealdira kondenatu zuten «matxinada laguntzea»ren ustezko delituagatik, eta prebentziozko espetxealdian emandako denborarekin kondena betetzat eman zioten.

463. ECHEVERRIA GOENAGA, JUAN

      1915ean jaio zen. Urrestillakoa zen. Eusko Gudarosteko borrokalaria izan zen. 1940an, Azpeitiko udal frankistak «aurkari» izendatu zuen.

464. ECHEVERRIA LANDA, JOSE ANTONIO

      Azpeitian bizi zen. EAJko militantea eta ELAko afiliatua, José Antonio Azpeitian geratu zen Azpeitian altxatutako tropak sartu baino lehentxeagora arte. Egiaztagiririk ez dugun arren, ziurrenik gerora Eusko Gudarosteko batailoiren batean erroldatuta geratuko zen 1937 erdialdean atxilotu zuten arte. Urte horren amaieran Bilboko 3. epaitegi militarrak José Antonioren eta beste atxilotu batzuen aurkako urgentziazko prozedura sumarisimoa ireki zuen, eta guztiek 1938ko maiatzaren 16an izan zuten epaia.

      José Antoniori dagokionez, «matxinadarekin bat egitea»ren ustezko delituagatik bizi arteko atxiloaldira kondenatu zuen epaiak aipatzen zuen azpeitiarrak «hasieratik» udalerriaren Defentsa Batzordeari zerbitzuak eskaini zizkiola. Zehazki, Zuazola jauregia konfiskatzen parte hartu zuela leporatu zien, eta Urrestillako eta Nuarbeko apaizen etxeetan, Nuarbekoari (Francisco Auzmendi) mehatxu eginda.

      Epaiaren ondoren, abuztuan Cádizko Puerto de Santa María espetxera eraman zuten, eta bertan egon zen 1939ko irailaren 15era arte, orduan Madrilgo Santa Rita espetxera eraman baitzuten. 1940ko irailaren 23an Palentziako espetxera sartu zuten, eta azkenik, 1941eko ekainaren 29an behin-behineko askatasuna eman zioten.

465. ECHEVERRIA LARRAÑAGA JEREMIAS

      1913an jaio eta Azpeitian bizi zen. Espartingilea zen lanbidez. Loyola batailoiko gudaria. Ondoren altxatuek espetxeratu egin zuten.

466. ECHEVERRIA LARRAÑAGA, MARIA

      Maria, 3 eta 4 urteko seme-alabekin batera, Odriozolaundi baserrian egon zen bi urtez ezkutatuta, Azpeititik bidaltzeko agindua etorri ondoren. Egozten zieten delitua Maximiano Eguibar Arregui milizianoaren emaztea eta seme-alabak izatea zen.

467. ECHEVERRIA TABERNA, CRUZ MARIA

      1879an Azpeitian jaio eta udalerrian bizi zen. Tradizionalista zen. Azpeitiko alkate izan zen 1918 eta 1920 artean, eta 1930 eta 1931 artean. 1936ko urriaren 14an Gipuzkoako Junta de Guerra Carlistaren aginduz eratutako Udalbatzako kide zen. Altxatuek atzemandako eta gerra-kontseiluetan epaitutako azpeitiar batzuen aurkako zenbait epaiketatan deklaratzailea izan zen.

468. ECHEVERRIA UGARTE, ELIAS

      Elías Urrestillan jaio zen 1913ean, eta bertan bizi izan zen 1934an Bilbora bizitzera joan zen arte. Igeltseroa zen lanbidez eta ELAra afiliatuta zegoen. 1936an bere borondatez izena eman zuen Ertzaintzako gorputzean, eta «ospitale eta espetxeetan zerbitzua eman zuen». 1937ko ekainaren 19an, aitorpenean ageri den moduan, «beste kide batzuekin batera Erruki Etxea zaintzen geratu zen, muturrekoek honda ez zezaten». Egun horretan bertan tropa frankistetan entregatu zuen bere burua.

      Atxiloketaren ostean, Gasteizko Karmeldarren espetxera bidali zuten, eta lehen aldiz 1937ko abuztuaren 16an galdekatu zuten. Handik hilabetera, Elíasen aurka urgentziazko prozedura sumarisimoa ireki zuten, eta berriz ere deklaratu egin behar izan zuen 1938ko uztailaren 6an. Orduan, auzipetuak Bilboko hainbat presondegitan zaintzaldiak egin zituela esan ostean, «han izandako sarraskietan» parte hartu ote zuen galdetu zioten eta ezetz erantzun zuen. Azkenean, 1939ko urriaren 30ean, gerra-kontseiluak auzia behin-behinean artxibatzea erabaki eta auzipetua langileen batailoi batean sartzea agindu zuen. Urte horretako azaroaren 15ean Gasteizko gobernadore militarrak Elias Miranda Ebroko (Burgos) kontzentrazio-esparrura eramateko agindu zuen.

469. ECHEVERRIA UGARTE, HIGINIO

      1911n jaio zen Urrestillan. Frantsesa baserrikoa zen jatorriz. Loyola batailoiko Lartaun 2. konpainiako gudaria zen. 1937ko abuztuan harrapatu zuten Santoñan. Miranda Ebroko kontzentrazio-esparruan atxilotu eta Zaragozako langileen batailoi batera sartu zuten.

470. ECHEVERRIA URRESTILLA, JULIAN

      Azpeitian jaio zen 1918an. Altxatutako armadan bere borondatez sartu zen 1937ko uztailaren 26an.

442. ECHEVERRIA, ANGEL

      Azpeitian bizi zen. Herriko kale-garbitzaile izan zen errepublika-garaian. Tokiko agintari frankistek kargugabetu zuten 1936ko azaroaren 2an.

443. ECHEVERRIA, EUGENIO

      Azpeitiko San Ignacio kalean bizi zen. ELAk egindako 1934ko udaleko lanik gabeko langileen zerrendan sartuta zegoen. Azpeitiko Fronte Popularreko Defentsa Batzordeko boluntarioa zen.

444. ECHEVERRIA, FRANCISCO

      Odria auzoko Barrenola baserrikoa zen. Nekazaria zen lanbidez. ELAk egindako 1934ko udaleko lanik gabeko langileen zerrendan sartuta zegoen. Azpeitiko Komandantzian sartu zen gudari.

445. ECHEVERRIA, VICENTE

      Azpeitian bizi zen. Gauzaina. Jarraitzaile tradizionalista zen. Udalerrian altxatutako tropak sartu ostean lanean aritu zen funtzionario gisa.

446. ECHEVERRIA, VICTOR

      Azpeitian bizi zen. 1936ko Izquierda Republicana alderdiko idazkaria.

472. ECHEZARRETA LASA, JUSTINO

      1912an jaio eta Azpeitian bizi zen. 1937ko otsailaren 24an mobilizatu zuten altxatuek.

473. ECHEZARRETA PEÑAGARICANO, JOSE

      1913an jaio eta Azpeitian bizi zen. Altxatuek mobilizatu eta Arapiles batailoira sartu zuten. 1937ko ekainean gerrako frontean zauritu zuten.

471. ECHEZARRETA, CASILDA

      Azpeitian bizi zen. Emakume Abertzale Batza taldeko kidea zen 1934an.

474. EGAÑA ANSOLA, FRANCISCO

      Azkoitian bizi zen. Nekazaria zen lanbidez. Azpeitiko espetxean sartu zuten preso 1938ko ekainaren 30ean. Gerora Ondarretako espetxera eraman zuten, gerra-kontseiluan prozesatuta zegoelako.

475. EGAÑA OTEGUI, IGNACIO

      Azpeitian bizi zen. 1936ko urriaren 14an Gipuzkoako Junta de Guerra Carlistaren aginduz eratutako Udalbatzako kidea zen. Azpeitiko alkate izan zen 1939 eta 1941 artean, eta 1945 eta 1952 artean.

476. EGAÑA OTEGUI, NICOLAS

      1912an jaio eta Azpeitian bizi zen. Altxatuek mobilizatu eta San Ignacio tertzioan sartu zuten. 1937ko apirilean gerrako frontean zauritu zuten. Beste errekete batekin batera ikertu zuen Donostiako 14. auzitegi militarrak 1939an, Errezilen Falangearen zentroan gertatutako gorabehera batzuen harira.

478. EGUIBAR ARREGUI, MAXIMIANO

      Azpeitian bizi zen. UGTko militantea eta lanbidez zurgina, Maximiano lanik gabe geratu zen gerra hasi berritan, lan egiten zuen tailerreko ekoizpena gelditu egin baitzen. Hori dela eta, gerra-kontseiluan epaitu izanagatik 1937 eta 1941 artean egin behar izan zituen gutxienez hiru aitorpenetan adierazi zuenaren arabera, zerbitzua eman zuen «Azpeitian zeuden errefuxiatuei ogia eta ardoa ematen», Defentsa Batzordeak hala aginduta. Gero Durangora joan zen eta UHP batailoian erroldatu zen. Eusko Gudarosteko gorputz horretan geratu zen Kantabrian 1937an atxilotu zuten arte. El Duesoko espetxetik Bilboko espetxe probintzialera bidali zuten, eta gero, 1938ko uztailaren 26an, Burgoseko espetxe nagusira eraman zuten.

      Handik bi hilabetera, Maximianoren aurkako urgentziazko prozedura sumarisimoa hasi zen. El Duesoko espetxera eraman zuten berriz ere eta han galdekatu egin zuten 1940ko ekainaren 20an. Bitartean, Roque Astigarraga, Hilario Bereciartua eta Florencio Mangasek (Azpeitiko alkatea, Falangearen tokiko buruzagia eta Guardia Zibileko komandantea) Santoñako instrukzio-epaitegi militarrari auzipetuaren «aurrekariak» bidali zizkieten, eta konfiskatze eta atxiloketen arduradun zen «pertsona arriskutsu» gisa izendatzen zuten. Beste kasu batzuetan bezala, epaitegiak eskatutakoan salatzaileek ezin izan zuten lekukorik eman egindako salaketak berresteko, «baina Valentín Larrañaga eta Ignacio Martínez Olaechea... Glorioso Movimiento Nacional delakoaren pertsona oso zale eta herriko zinegotzi zirenek berrets ditzakete aurreko txosten horiek».

      Hala ere, Guardia Zibilaren komandanteak aipatutako bi pertsonetako batek ere ez zuen berretsi Maximianok konfiskatze eta atxiloketetan parte hartu zuenik, ezta prozeduran zehar agertzen joan ziren beste lekukoek ere. Horiek guztiek esan zuten gauza bakarra izan zen Maximiano ezagutzen zutela eta UGTkoa zela, Juan Astigarragak, Roque Astigarragaren semeak, izan ezik, hark esan baitzuen auzipetuak aitaren saltokian ardoa konfiskatu zuela. Ikerketa judizialen berandutza ikusita, 1941eko martxoaren 1ean baldintzapeko askatasuna eman zitzaion, eta geroxeago Eibarren lanean hasi zen «suntsitutako eremuen» zuzendaritzapean. 1942 hasieran, oraindik ere prozedura irekita zegoen. Urtarrilaren 2an Azpeitiko Guardia Zibilak epaile instruktoreari honako informazioa bidali zion: «egindako gainerako gertakarien lekuko presentzialak bilatzeko postu honetako indarrek egindako kudeaketak kudeaketa, ezin izan da emaitza onik lortu». Azkenik, 1942ko ekainaren 18an, gerra-kontseiluak 12 urte eta egun 1eko espetxealdi txikia jarri zion «matxinadari laguntzea»ren ustezko delituagatik.

479. EGUIBAR ECHEVERRIA, FRANCISCO

      Azpeitian jaio zen 1931n, eta Eliz kalean bizi zen. Ama eta arrebarekin batera Odriozolaundi baserrian egon zen bi urtez ezkutatuta, Azpeititik kanporatzeko agindua jaso ondoren. Egozten zieten delitua Maximiano Eguibar Arregui milizianoaren emaztea eta seme-alabak izatea zen.

480. EGUIBAR ECHEVERRIA, MARIA

      Azpeitian jaio zen 1933an, eta Eliz kalean bizi zen. Ama eta anaiarekin batera Odriozolaundi baserrian egon zen bi urtez ezkutatuta, Azpeititik kanporatzeko agindua jaso ondoren. Egozten zieten delitua Maximiano Eguibar Arregui milizianoaren emaztea eta seme-alabak izatea zen.

481. EGUIBAR IRIONDO, SEBASTIAN

      Santiago kalean bizi zen. Saseta batailoi nazionalistako gudaria izan zen.

477. EGUIBAR, JOSE MIGUEL

      Azpeitian jaioa zen eta han bizi zen. Loyola batailoi nazionalistan sartu zen sukaldari gisa.

484. EGUIGUREN ACHAGA, JESUS

      1910ean Azpeitian jaioa, Jesús gidaria zen eta Hernanin bizi zen 1936an. 1937ko abuztuan Kantabrian atxilotu, eta pixka bat geroago gerra-kontseiluan epaitu zuten beste 24 lagunekin batera. «Matxinadarekin bat egitea»ren delitu bategatik biziarteko espetxealdira kondenatu zuen 1937ko irailaren 30eko epaiaren arabera, Jesúsek armatutako zaintzaldiak egin zituen, eta gero bere borondatez euskal milizietan erroldatu zen. Atxilotu zuten unean Eusko Gudarostearen barruan teniente gradua zuen.

485. EGUIGUREN AGUIRREZABAL, FELIX

      Kaminburu baserrikoa zen jatorriz. Nekazaria zen lanbidez. Altxatuek mobilizatu eta San Ignacio tertzioan sartu zuten.

486. EGUIGUREN ARANGUREN, IGNACIO

      1920an jaio zen. Oinatz auzoko Aizpuru baserrikoa zen. Altxatutakoek mobilizatu eta San Ignacio tertzioan sartu zen txapel gorrien graduazioarekin. 1937ko ekainean gerra-frontean zauritu zuten.

487. EGUIGUREN ARANGUREN, JUAN JOSE

      Azpeitian bizi zen. Oinatz auzoko alkatea zen 1933an. 1936ko urriaren 14an Gipuzkoako Junta de Guerra Carlistaren aginduz eratutako Udalbatzako kidea zen.

488. EGUIGUREN BARRUTIA, DEMETRIO

      Azpeitian bizi zen. 1933ko plebiszitu autonomikoan ikuskatzailea izan zen. 1933ko maiatzaren 10ean eratu zen Udalbatzako kidea zen, gutxiengo abertzalearen partaide gisa.

489. EGUIGUREN CASTIELLA, ANTONIO

      Azpeitian bizi zen. Azpeitiko sendagile titularra zen errepublika-garaian. Jarraitzaile tradizionalista zen. Udalerrian altxatutako tropak sartu ostean lanean aritu zen funtzionario gisa.

490. EGUIGUREN ECHAVE, JULIAN

      Azpeitian bizi zen. Altxatuek mobilizatu eta San Ignacio tertzioan sartu zuten. 2. konpainiako tenientea zen. Gerra-frontean zauritu zuten.

491. EGUIGUREN EIZAGUIRRE, ANTOLIN

      Azpeitian bizi zen. Organo egilea zen. Lamiakoko aerodromoan zerbitzuak eskaini zituen Gerra Zibila hasi ondoren. Sendagileak hala aginduta, bajan egon zen 1937ko otsailaren 5etik 12ra, bi begietan gorputz arrotzak izateagatik. Altxatutako tropek atxilotu eta 1937ko amaieran, beste hogei preso ingururekin batera, Donostiara eraman zuten Medina de Riosecoko (Valladolid probintzia) kontzentrazio-esparrutik, eta Gipuzkoako hiriburuan aurretiazko eginbideak abiarazi zituzten denen aurka. 1937ko maiatzaren 15ean Antolin errepresaliatua zela berretsi zuen epaitegi hark, eta «B atalean» sailkatu zuten. Berriro eraman zuten kontzentrazio-esparru batera.

492. EGUIGUREN EIZAGUIRRE, IGNACIO

      Azpeitian bizi zen. Organeroa zen lanbidez. Azpeitiko Komandantzian sartu zen gudari.

493. EGUIGUREN GOICOECHEA, REMIGIO

      Azpeitian bizi zen. Altxatuek mobilizatu eta San Ignacio tertzioan sartu zuten. 1937ko ekainean gerrako frontean zauritu zuten.

494. EGUIGUREN GURRUCHAGA, EDUARDO

      Azpeitian bizi zen. Irakaslea zen lanbidez. 1936ko martxoan Azpeitiko Udalak kargutik kendu zuen. Gero berriz jarri zuten. Jarraitzaile tradizionalista zen. Udalerrian altxatutako tropak sartu ostean lanean aritu zen funtzionario gisa.

495. EGUIGUREN GURRUCHAGA, IGNACIO

      1907an jaio zen. Kaminburu baserrikoa zen jatorriz. Nekazaria zen lanbidez. Altxatutakoek mobilizatu eta San Ignacio tertzioan sartu zen errekete graduazioarekin. 1939ko urtarrilean gerrako frontean zauritu zuten. Mutilatuta gelditu zen gerran.

496. EGUIGUREN GURRUCHAGA, REMIGIO

      Azpeitian bizi zen. Altxatuek mobilizatu eta San Ignacio tertzioan sartu zuten. 1937ko ekainaren 3an gerrako frontean zauritu zuten.

497. EGUIGUREN IBARZABAL, JUAN

      Azpeitian jaio zen 1916an, eta San Ignacio kalean bizi zen. Pilotaria zen. Altxatutakoek mobilizatu eta San Ignacio tertzioan sartu zen errekete graduazioarekin. 1937ko ekainean gerrako frontean zauritu zuten.

498. EGUIGUREN UCIN, REMIGIO

      1914an jaio zen eta Azpeitian bizi zen. Organeroa zen lanbidez. 1940an, 73 urte zituela, CPIBk ezarritako 30.000 pta-ko zigorra berrikustea eskatzeko errekurtso bat jarri zuen Remigiok. Defentsa-idatzian adierazi zuen gaztetatik izan zela alderdi karlistako kide eta familiari zerbait gertatuko zitzaiolakoan egin zuela ihes Azpeititik, ez beste ezergatik. Horrez gain, adierazi zuen hainbat finka bazituela, baina zerga-kargaren ondorioz ezin zuela isuna ordaindu, eta gogorarazi zuen organo-fabrika ere bahituta zuela oraindik. Aldiz, Falangearen tokiko buruzagi Jose Viquendik eta Azpeitiko alkate Ignacio Egañak txostenetan adierazi zuten Remigio EAJko militantea zela eta bera izan zela, gainera, Azpeitiko EAJren sortzaileetako bat. Dena den, Erantzukizun Politikoen Auzitegi Nazionalak zigor ekonomikoa 5.000 pta-ra jaistea erabaki zuen 1939ko irailaren 9an.

482. EGUIGUREN, FELICIANO

      Azpeitian bizi zen. Altxatuek mobilizatu eta San Ignacio tertzioan sartu zuten.

483. EGUIGUREN, JULIAN

      Azpeitian bizi zen. Altxatuek mobilizatu eta San Ignacio tertzioan sartu zuten.

499. EIZAGUIRRE AZCUNE, JOSE

      Zestoakoa zen. Kaltzadorea zen lanbidez. Urolako trenetako langilea. Azpeitiko espetxean sartu zuten preso 1937ko urriaren 25ean. Gero, San Pedro de Cardeñako (Burgos) kontzentrazio-esparrura eraman zuten.

500. EIZAGUIRRE ECHEVERRIA, ANASTASIO

      Azpeitian bizi zen. Altxatuek mobilizatu eta zapadores-minadores 6. batailoira sartu zuten. 1937ko apirilaren 2an Lorillako (Burgos) gerra-frontean zauritu zuten.

501. EIZAGUIRRE GARMENDIA ANTONIO

      1915ean Azpeitian jaio eta udalerrian bizi zen. Loyola batailoiko gudaria. 1940ko otsailaren 5ean Azpeitiko udal frankistak «aurkari» izendatu zuen.

502. EIZAGUIRRE GARMENDIA, FAUSTO

      Azpeitiarra. Faustok 17 urte eskas zituen 1936ko uztailean. Abuztutik aurrera Loiolako santutegian, euskal milizien kuartel nagusian, zaintzaldiak egin zituen irailaren 19an utzi zuten arte. Lanbidez saskigilea eta militante nazionalista zen. Azpeitia erori ostean Bizkaira ihes egin zuen, eta gero handik zulatzaileen batailoi batera, eta han gotorlekuak eraikitzen lan egin zuen.

      1937ko abuztuan Laredon harrapatu zuten, eta urtebete baino gehiagoz atxilotuta mantendu zuten gerra-kontseiluan epaitu zain. 1937ko irailaren 23an, epaitzen zuen auzitegi militarrak uste izan zuen frogatuta zegoela haren militantzia nazionala, armatutako zaintzaldiak egin izana eta zulatzaileen batailoian parte hartu izana. Aldiz, haren arabera, «ez du inolako funtsik auzipetuak baserritar bat atxilotzen parte hartu izanaren salaketak». Edonola ere, Faustok «hain gaztea izanik, familiartekoek eraginda eta Fronte Popularrak behartuta» jokatu zuela uste izan zuten. Beraz, aske utzi zuten prebentziozko espetxealdian zeraman denborarekin «haren jokabidea nahikoa zigortuta» zegoela ulertuta.

503. EIZAGUIRRE LARRAÑAGA, PLACIDO

      1913an Azpeitian jaio eta udalerrian bizi zen. Azpeitiko Komandantzian sartu zen gudari. Gero, Loyola batailoiko Lartaun 2. konpainiako gudaria izan zen, kabo graduazioarekin.

504. EIZAGUIRRE LAZCANO, JOSE IGNACIO

      Azpeitian bizi zen. Altxatuek mobilizatu eta Arapiles batailoira sartu zuten. Lemoako gerra-frontean zauritu zuten.

505. EIZAGUIRRE ODRIA, GENARO

      1906an Azpeitian jaio eta Bustinzuri inguruan bizi zen. Azpeitian atxilotu zuten Genaro, Komandante Militarraren aginduz, eta Ondarretako espetxera eraman zuten. Donostiako 15. epaitegi militarrean bere aurka prozesu sumarisimo bat abiarazi zutelako sartu zuten espetxean, baina ez dakigu zer leporatzen zioten. 1939ko urtarrilaren 19tik apirilaren 2ra bitartean espetxeko erizaindegian egon zen, «bihotzeko eritasuna» zuelako; hala dio auzitegiko medikuaren txostenak. Handik 20 egunera berriro eraman zuten erizaindegira, bihotzeko lesio bat zuelako. Ondoren, 1940ko martxoaren 21ean, aske utzi zuten baldintzapean, eta maiatzean, hilaren 7an, auzia artxibatu eta Genaro behin betiko aske uztea erabaki zuten.

506. EIZAGUIRRE ZUBIAURRE, FELIX

      1907an Azpeitian jaio eta udalerrian bizi zen. Ebanista zen ogibidez. Dámaso Azcue SL enpresako langilea zen. Altxatutakoek mobilizatu eta San Ignacio tertzioan sartu zen errekete graduazioarekin.

507. EIZMENDI, JOSEFA IGNACIA

      Azpeitian bizi zen. Maistra zen lanbidez. Tokiko agintari frankistek kargugabetu egin zuten 1936ko azaroaren 2an.

508. ELIAS MAIZTEGUI, CIRIACO

      Azpeitian jaio zen eta han bizi zen. Altxatuek mobilizatu zuten. San Ignacio tertziora sartuko zen ziurrenik.

509. ELIAS UNANUE, FRANCISCO

      Azpeitiarra. Lanbidez tapizatzailea eta Damaso Azcue enpresako langilea errepublika-garaian, Pacok Azpeititik ihes egin zuen 1936ko irailean, matxinatutako tropak sartzear zirenean. Gerora, baliteke zulatzaileen batailoi batean erroldatuta egotea, Bizkaiko sektore ugaritan defentsa-sistemak eraikitzen. Gernikan, 1936ko apirilaren 26ko bonbardaketatik bizirik atera zen, eta horren ostean, Bilbora joan zen.

      Atxilotu zutenean Eskolapioen espetxean egon zen preso (Bilbo) urtebete inguruz. Azpeitira itzulitakoan salatu eta Ondarretako espetxera eraman zuten, gerra-kontseiluan epaitu zain. Itxuraz Pacoren aurka heriotza-zigorra eskatu zuten, baina 1940ko martxoaren 14an, baldintzapeko askatasunean zegoenean, auzia artxibatu eta aske utzi zuten.

510. ELIAS UNANUE, JOSE MARIA «KOMPARE»

      Azpeitian jaioa zen eta han bizi zen. Azpeitiko Komandantzian sartu zen gudari. Gero, Loyola batailoiko Lartaun 2. konpainiako gudaria izan zen. Harrapatu eta langileen batailoi batean izan zuten preso.

511. ELIAS UNANUE, MANUEL

      Azpeitian jaio zen 1913an, eta San Ignacio kalean bizi zen. Margolaria zen lanbidez. Altxatutakoek mobilizatu eta San Ignacio tertzioan sartu zen errekete graduazioarekin. Lemoako gerra-frontean hil zen 1937ko ekainaren 3an.

512. ELIAS UNANUE, SATURNINO

      Azpeitian jaio zen 1910ean, eta San Ignacio kalean bizi zen niente graduazioarekin.

513. ELIZBURU UGARTE, JOSE

      Donostian jaio zen 1914an eta Azpeitian bizi zen. Organeroa zen lanbidez. Azpeitiko Falangeko Frente de Juventudeseko arduraduna zen 1941ean.

514. ELORZA AIZPITARTE, NICOLAS

      Azpeitian bizi zen. Barnizatzailea zen lanbidez. 1933ko urtarrilaren 25ean eratutako Azpeitiko batzorde kudeatzaileko kidea zen «langileen» ordezkari gisa.

515. ELORZA AIZPURU, FRUCTUOSO

      Azpeitian bizi zen. Azpeitiko Udaleko idazkaria 1916tik. Jarraitzaile tradizionalista zen. Altxatutako tropak sartu ostean lanean aritu zen funtzionario gisa.

516. ELORZA AIZPURU, JULIAN

      Azpeitian jaio zen 1879an. Abokatua zen lanbidez. Politikaria eta Eusko Ikaskuntzako presidentea. Alderdi Tradizionalistako militantea zen. Autonomia-estatutua defendatzen zuen.

517. ELORZA ALBERDI, EUSEBIO

      Azpeitian bizi zen. 1937ko irailaren amaieran Donostiako 14. Epaitegi Militar Iraunkorrak ikerketa-prozesua hasi zuen 6 azpeitiarren «Fronte Popularraren aldeko jarduera politiko-sozialak argitzeko». Horien artean zegoen Eusebio. Hain zuzen ere, «kausa horren alde azken hauteskundeetan indarkeria erabiliz euskal nazionalismoaren propaganda egitea» leporatzen zitzaion. Salaketa horiez gain, «herria utzi eta Bilbon ziurrenik gerrako materialerako enbalatzeko kaxak egiten aritu izana» beste salaketarik ez zuten haren kontra.

      Edonola ere, 1938ko apirilaren 12an, Gerra Ikuskaritzak uste izan zuen ikertutako gertakariek ez zutela justifikatzen prozedura auzi sumarisimo gisa hartzea. Beraz, Eusebiorentzat isun ekonomikoa ezarri zuen. Hura ordaindutakoan Eusebio aske geratuko zen.

518. ELORZA ELEIZGARAY, JUAN JOSE

      Azpeitian jaio zen 1915ean, eta Enparan kalean bizi zen. Fructuoso Elorza udaleko idazkariaren semea. Ikaslea. Altxatutakoek mobilizatu eta San Ignacio tertzioan sartu zen sarjentu graduazioarekin. Otxandioko gerra-frontean hil zen 1937ko apirilaren 2an.

519. ELORZA ERDOIZA, CASTOR

      Azpeitian bizi zen. Urolako trenetako langilea. Geltokiko mutila. 1936ko irailaren 20an kaleratu zuten.

520. ELUSTONDO, JOSE

      Azpeitian bizi zen. Parisen hartu zuen babesa. Gero, Azpeitira itzuli zenean, Falangeko kide izan zen.

521. ELZAURDI SALINAS, IGNACIO

      1907an Azpeitian jaio eta udalerrian bizi zen. Eskribaua zen lanbidez. Altxatutakoek mobilizatu eta San Ignacio tertzioan sartu zen alferez graduazioarekin. 1937ko uztailaren 11n gerrako frontean zauritu zuten.

522. EPELDE UETO, ANTONIO

      Azpeitian bizi zen. Musikaria zen lanbidez. Udal-langilea zen. Azpeitiko Komandantzian sartu zen gudari. Tokiko agintari frankistek kargugabetu egin zuten 1936ko azaroaren 2an.

523. ERASO AZPIAZU, ANGEL

      Azpeitian jaio zen 1918an. Oinatz auzoko Aizpuru baserrikoa zen. Nekazaria zen lanbidez. San Ignacio tertzioan sartu zen bere borondatez, errekete graduazioarekin. 1937ko apirilaren 2an gerrako frontean zauritu zuten.

524. EREÑAGA BEAIN, IGNACIO

      Azpeitian jaio zen 1918an eta Tolosan bizi zen. Gidaria zen lanbidez. Azpeitiko Komandantzian sartu zen gudari. «Iheslari» izendatu zuen Azpeitiko udal frankistak 1937ko uztailaren 26an. Donibane Lohizunen (Iparraldea), Tarbesen (Frantzia), eta gero Casablancan (Maroko) egon zen errefuxiatuta.

525. EREÑAGA CERCELAYA, VICTOR

      Azpeitian bizi zen. Urolako trenetako langilea. Regimiento de Ferrocarriles delakoaren 5. unitateak kargutik kendu zuen. Geltokiko mutila. Hilabetez egon zen soldatarik gabe.

526. ERRASTI AIZPURU, DANIEL

      Azpeitian jaioa zen eta han bizi zen. Altxatuek mobilizatu zuten. Oñako (Burgos) gerrako frontean zauritu zuten.

527. ERRASTI ARIZTONDO, ANASTASIO «ATXERO»

      Azpeitian bizi zen. Lanbidez zurgina, Anastasio 1933ko apirileko udal-hauteskundeetan hautagai errepublikarra izan zen, baina lortutako 20 boto eskasek ez zioten balio izan ordezkaritzarik lortzeko. Gerora, gerra hasi ostean, Azpeitiko Defentsa Batzordeko kide izan zen herritik ihes egin eta Eusko Gudarostean sartu zen arte. 1937ko abuztuan Kantabrian atxilotu eta El Duesoko kartzelan sartu zuten. Santoñako plazan bertan, 1937ko abenduaren 9an, ustezko «matxinadarekin bat egitea»ren delituagatik espetxealdi handiko 30 urteko kondena jarri zioten.

      Handik hilabete batzuetara, zehazki 1938ko maiatzean, Donostiako epaitegi militar batek Anastasioren galdeketa eskatu zuen, haren izena María Altuna Astigarraga eta Gloria Zabaleta Olazabal azpeitiarren aurkako prozesu sumarisimoan aipatu zelako. Galdetegi batean planteatu zitzaizkion galdera batzuen harira, Anastasiok zuzenean salatu zituen María eta Gloria, eta egozten zizkieten oilo-lapurretetan parte hartu zutela esan zuen. Era berean, deklaratzaileak auzipetuez zer iritzi zuen galdetutakoan, Anastasiok erantzun zuen biak zirela «euskal nazionalista sutsuak, hasieratik gorriseparatisten zerbitzura jarri zirenak».

      1939ko azaroaren 15ean Anastasio El Duesoko espetxe-koloniatik Alcalá de Henareseko (Madril) espetxe-tailerretara eraman zuten. Bertan egon zen preso 1943ko abuztuaren 22an baldintzapeko askatasuna eman zioten arte.

528. ERRASTI BERECIARTUA, VALENTIN

      Azpeitian jaio zen 1915ean eta Enparan kalean bizi zen. Frantzian errefuxiatuta egon zen. 1940an Azpeitiko udal frankistak «iheslari» izendatu zuen.

529. ERRASTI EGUIGUREN, FRANCISCO «TRUKUMAN»

      Aizarnazabalen jaio zen 1903an eta Azpeitian bizi zen. Praktikantea zen lanbidez. Azpeititik Bizkaira ihes egin zuen altxatutako tropak udalerrian sartu baino zertxobait lehenago. Eusko Gudarosteko Osasun Militarrera sartu zen. Gero, harrapatu eta Santa Espinan (Valladolid) espetxeratu zuten.

530. ERRASTI LARRAÑAGA, JUAN DE DIOS

      Azpeitian jaioa 1905ean eta lanbidez igeltseroa, Juan gerra-frontean JSUren Amuategui infanteriako batailoian erroldatuta ibili zen borrokan. 1937ko udan Kantabrian atxilotu zuten, El Duesoko espetxean preso izan zuten eta Santoñako plazan bertan gerra-kontseiluan epaitu zuten.

      1937ko azaroaren 10ean 30 urteko espetxealdi handiko kondena jaso zuen «matxinadarekiko atxikimenduaren» ustezko delituagatik. Kondenaren arrazoitzat «Zuzendaritza Sozialistaren kide» izatea eta frontean parte hartu izana argudiatu zituzten.

531. ERRASTI OLAIZOLA, JOSE

      Jose zumaiarra zen eta Azpeitian bizi zen. Azpeitian lan egin zuen zumegile gisa Dámaso Azcue enpresan. Abertzaleen aldekoa zen eta gerra hasitakoan zaintzaldiak egin zituen. Gero, Loyola batailoian erroldatu eta bertan sukaldari gisa aritu zen. 1937ko abuztuan Laredon atxilotu, eta handik gutxira Lizarrako kontzentrazio-esparrura eraman zuten. Azaroaren 1etik 6ra Miranda de Ebron egon zen preso, eta badirudi handik Sevillara eraman zutela, langileen batailoi espezializatu batera. Hala ere, hil haren 25ean berriro eraman zuten Miranda Ebroko kontzentrazio-esparrura. Andaluziara eraman eta handik hain denbora gutxira itzuli zenez, baliteke bera izatea Alanís de la Sierran (Sevilla) istripua izan zutenetako bat. 1937ko azaroaren 19an izan zen istripua eta 57 euskal preso hil ziren.

      Edonola ere, hilaren 26an Bilboko Eskolapioen espetxera iritsi zen, gerra-kontseiluan epaitu eta 12 urte eta egun bateko espetxealdira kondenatu zuten 1937ko abenduaren 17an. Kondena-epaiaren arabera, Josek armak konfiskatzen eta eskuineko pertsonak atxilotzen hartu zuen parte Azpeitian. 1938ko abuztuaren 2an Cadizko Puerto de Santa Maria espetxera eraman zuten, eta urte horretako abenduaren 14an Sevillako espetxera.

532. ERRASTI URIA, JULIAN

      Azpeitian jaio zen 1914an. Altxatutakoek mobilizatu eta San Ignacio tertzioan sartu zen txapel gorrien graduazioarekin.

534. ERRAZQUIN CENDOYA, JOSE

      1910ean jaio eta Azpeitian bizi zen. Altxatuek mobilizatu eta Arapiles 7. batailoira sartu zuten 1937ko urtarrilaren 27an.

535. ERRAZQUIN URANGA ALEJANDRO

      1911n jaio eta Azpeitian bizi zen. Altxatutakoek soldadualdiko soldadu gisa mobilizatu zuten. Behartutako soldadua.

536. ERRAZQUIN URANGA, FRANCISCO

      Izarraitz auzoko Miraflores baserrikoa zen. Altxatutakoek soldadualdiko soldadu gisa mobilizatu zuten. Teruelgo gerra-frontean hil zen 1939ko urtarrilaren 29an.

533. ERRAZQUIN, JULIAN

      Azpeitian jaioa zen eta han bizi zen. Azpeitiko Komandantzian sartu zen gudari. Azpeititik Bizkaira ihes egin zuen altxatutako tropak udalerrian sartu baino zertxobait lehenago. Altxatutako armadak harrapatu zuen.

537. ERRECAGOENA, PABLO «MAKIBERKUA»

      Eizagirre auzoko Makibar baserrikoa zen. Loyola batailoiko Lartaun 2. konpainiako gudaria zen.

538. ESNOZ AGUIRREZABAL, LUCIA

      Azpeitian bizi zen. Maistra zen lanbidez. 1936ko azaroaren 8ko dekretuaren harira, Gipuzkoako gobernadore zibilak hala aginduta, lanpostutik bota zuten.