eu | es
Hasiera » II. liburukia » 1. Memoriaren izenak — Sarrera

 

Memoriaren izenak — Sarrera

 

      Bigarren ale honetan era batera edo bestera, haien jarrera, militantzia, joera politikoak, familiako loturak edo kasualitatea zirela eta, 1931 eta 1945 urteen artean eragile sozial bihurtu ziren pertsonei buruzko 1096 izen ateratzen dira. 14 urte eskaseko aldi hartan, Azpeitia udalerriko biztanleek, Euskadiko gainerako herritarrek bezalaxe, Bigarren Errepublika, Gerra Zibila eta Lehen Frankismoa deitu ohi zaion etapa bizi izan zituzten. Horren nahasia izan zen aldi historikoa zela eta, orduko azpeitiar guztiak sistema demokratiko errepublikarrak ekarri zituen eskubide eta askatasunen zuzeneko lekukoak izan ziren, baina baita gerrak eta matxinatu frankisten garaipenak eragin zuten tragediarena lekukoak ere.

      Dena den, «Azpeitia, 1936-1945» laneko bigarren ale honetan, «Memoriaren izenak» azpititulua eman diogunean, biktimen izen-abizenak ez ezik, haien erasotzaileenak ere bildu nahi izan ditugu. Hau da, oraingoan, erregimen errepublikarraren defentsan edo, besterik gabe, hartaz baliatuta, gerra eta errepresio frankista zuzenean edo zeharka jasan zutenak kolpisten eta kutsu faxistako estatu diktatoriala eratzearen alde agertu ziren azpeitiarrekin batera azaltzen dira. Hori dela eta, memoria berreskuratzea, iragana berreraikitzea, gero eta frogagarriagoa da eragina jasandako eragile edo talde sozial gehienak ezagutzen ditugun neurrian.

      Bestalde, beharrezkoa da lan mota horiek duen zailtasuna azpimarratzea; izan ere, urte haietako gertakari historikoen eragina jasan zuten edo horietan sartuta egon ziren azpeitiar guztien nortasuna berreskuratzea ezinezkoa da. Horrez gain, kontsultatutako dokumentazio historikoaren zati bat falta da edo ez da zehatza eta, askotan, ahozko iturrietatik bereizita dago; horrek guztiak banakako kontaketa nahasiak edo amaitu gabeak sor ditzake. Horregatik guztiagatik, Aranzadi Zientzia Elkartea osatzen dugunok aldez aurretik barkamena eskatu nahiko genuke herriaren eta herritarren memoria ahanzturatik askatzeko gure saiakera horretan pertsonaren bat ez badugu kontuan hartu edo aipatutako daturen bat zuzena ez bada. Beti egongo gara interesdunen esanetara informazioa osatu eta eguneratu ahal izateko. Gainera, informazioa Azpeitiko Udal Artxibategian gordeta egongo da. Izan ere, lan honetan jasotako dokumentazio guztia Udalean gordeta geratuko da eta herritar guztiek nahi dutenean izango dute bertara sarbidea.

      Ohikoa denez, dokumentazioko eta datuak jasotzeko fasea tokiko, probintziako, komunitate autonomoko eta Estatuko artxibo ugaritarako sarreran (militarrak, espetxeetakoak, administraziokoak, erregistro zibilak...) oinarritu dugu. Ikerketa horiei esker, duela urte gutxiko Azpeitiko iragan horretako protagonistei buruzko ehunka espediente kontsultatu eta jasotako ahozko testigantzekin batera, ikerketa-lan hau idatzi ahal izan dugu.

      Aranzadi Zientzia Elkarteko kideok Udalak emandako laguntza kontuan hartu nahiko genuke. Horri esker, ikerketa integrala eta sistematizatua egin duen Euskadiko udalerri gutxienetako bat bihurtu da.

 

Juantxo Agirre Mauleon

Idazkari Nagusia-Secretario General Sociedad de Ciencias Aranzadi Zientzia Elkartea