eu | es
Hasiera » I. liburukia » 5. Lekukotzak » Inaxio Larrañaga Orbegozo

Inaxio Larrañaga Orbegozok 86 urte dauzka. Bere aitak Rufino Larrañaga Iriarte zuen izena, eta amak Maria Orbegozo Arzuaga, biak azpeitiarrak.

Erreketeak eta margaritak edozein egunetan etortzen ziren gure etxea erregistratzera. Gure amari tratu txarra ematen zioten. Ez dakit jo zuten, ez nintzen inoiz galdetzera ausartu.

Maistrek «Gipuzkoa debe todo lo que es a España» idazten zuten ikasgelan.

 

Gerra hasierako zein oroitzapen dituzu zuk, Inixio?

Pelota lekuan jaio nintzen ni. Han behean nazionalisten batzokia zegoen, eta gure ama arduratzen zen hura garbitzeaz. Ondoren batzokia lekuz aldatu zuten, eta gu ere eliz atarira joan ginen bizitzera. Eliza aurrean geneukan, eta gerran hildako erreketeei han egiten zieten hileta elizkizuna. Gure familiaren berri bazuten errekete eta margaritek, eta hileta bat zegoen bakoitzean gure balkoira begira egoten ziren. Ondoren gure etxera igo eta amari oso tratu txarra ematen zioten. Gure ama jostuna zen, eta beren prakak zein alkandorak ekartzen zizkioten josteko.

Ondoren eskutitz bat iritsi zitzaion amari. Zer jartzen zuen eskutitz hartan?

Udaletxeko langile bat etorri zen eskutitza ekartzera. Bertan, zigor moduan, Etxalarrera joateko agindua ematen zitzaion. Baina azkenean Oriora joan zen alaba gazteenarekin, Jonerekin, aitaren anai baten etxera, eta han egon ziren ezkutatuta. Aita gerran eta ama Orion ezkutatuta zegoenez, gu, hiru anaiok, gure aitaren arreba baten etxera joan ginen bizitzera, goiko kalera.

Bitartean, esan duzun moduan, zure aita gudari bezala zebilen gerran

Bai, askok alde egin zuten , eta gure aitak ere hala egin zuen.

Zer pasa zen berarekin?

Laredoko kartzelan egon zen denboraldi batez, eta ondoren etxera itzuli zen. Ez zuen pasa zuenaren inguruko gauza askorik kontatu . Laredoko espetxean azpeitiar askorekin egon zela, eta ezer gutxi gehiago.

Nolakoa izan zen zuen bizitza ordutik aurrera?

Erreketeak eta margaritak edozein egunetan etortzen ziren gure etxea erregistratzera. Gure amari tratu txarra ematen zioten. Ez dakit jo zuten, ez nintzen inoiz galdetzera ausartu.

Beldurrez egongo zineten, ezta?

Bai, eta kalean ere bai, «nazionalista traidorea»esaten ziguten.

Eta eskolan?

Eskola plazan zegoen. Joandakoan «cara al sol» kantatu behar izaten genuen besoa igota. Maristek «Gipuzkoa debe todo lo que es a España» ipintzen zuten ikasgelan, gurutze handiak ere bai, eta egurra ematen zuten.

Eta dena erdararaz

Beharko, bestela... Zuzendaria Burgoskoa zen, hura falangista izango zen.